2008/01/17







Hamarretik zazpi, gizonak
Auzapez karguetan oraindik apalagoa da emazte kopurua, %14 besterik ez baitira
E. B.
Bilbo
Emazteak herriko kontseiluetan sartu badira ere, oraindik ez da orekatzerik gertatu. Euskal Herrian, hamar zinegotzitk zazpi gizonak dira. Emazteak %30 baizik ez dira. Auzapez karguetan, oraino apalagoa da emazte kopurua, %14 baizik ez baitira. Kopuru hori herrialde batetik bestera aldatzen da. Proportzioetan, emazte gehien duen herrialdea Gipuzkoa da, %37,3rekin. Ondotik datoz Bizkaia (%37rekin) eta Lapurdi (%36,5ekin). Zinegotzi emazte gutxien duen herrialdea Baxenabarre da, %20,9rekin. Zuberoa ez dabil urrun, %21,6ekin.
Baxenabarren eta Zuberoan emazte zinegotzi gutxi izateak badu esplikazioa. Hain zuzen, parekotasun legea ez da aplikatzen bi herrialde horietan, 3.500 biztanletik gorako herririk ez baitago. Legea 3.500 biztanletik gorako herrietan aplikatzen da, Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean, aldiz, ez dago horrelako bereizketarik.
Oro har, udaletxe gehienetan, emazte baino gizon gehiago dago kontseiluan. Lapurdiko ia herri guztietan gizonak dira nagusi, hiru herritan salbu, besteak beste Baionan. Baionan, 21 emazte daude eta 18 gizon. Donostian 13 emazte eta 14 gizon dira. Gainerateko hiriburuetan, emazte baino gizon gehiago dago. Emazte auzapeza duen hiriburu bakarra Iruñea da.
Parekotasun eta Berdintasun legeek emazte zinegotzi kopuruan eragin bat baldin badute ere, ez dute eraginik auzapez karguetan. Auzapez emazte gehien duen herrialdea Gipuzkoa da, baina %18,3 baizik ez dira auzapez emazteak. Baxenabarre da emazte auzapez gutxien duen herria, %7,4ekin, gero datoz Zuberoan (%8,9rekin) eta Lapurdin (%10,6rekin).
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari dagokionez, ordea, emazteak oso gutxi dira. Ipar Euskal Herrian dituen 21 kontseilari nagusietatik bi baizik ez dira emazteak. Kantonamenduko hautagai bakarrak irabazten du. Lege berriak parekotasuna ezartzera behartzen ditu hautagaiak, orain, kantonamenduko hauteskundeetan. Hautagaia eta ordezkoa aurkeztu beharko dira hemendik aitzina. Baina, ia kasu guztietan, hautagaia da gizona eta ordezkoa emaztea. Ordezkoa, ontsalaz, ez da Kontseilu Nagusiko hautetsi izanen, hautetsia bera ez bada hiltzen behintzat. Ondorioz, parekotasun legearen atal horrek ez du parekotasunik bermatuko.






Argi dago leku guztietan edo gehienetan gizonaren papera garrantzitsuagoa dela emakumearena baino eta berri honetan ondo azalduta agertzen da; kargu inportanteetan gizonaren papera emakumeen paperaren aurrean dago eta behin eta berriro gustatuko litzaidake esatea, gizona ez dagoela emakumearen aurrean ezta emakumea gizonaren aurrean ere.





No hay comentarios: